Albisteak

 

Datorren igandean, urtarrilak 10, GERNIKAZARRAK, urtero bezala, Gernika-Lumoko mugetatik ibilaldia burutuko du. Bi herri hauen bat egitearen urteurrena ospatzen da.

Historia apur bat:

Erdi Aroan Gernika Lumoren auzoetariko bat zen, elizatearen portu funtzioak betetzen zituena hain zuzen ere.

Egoera hau zeharo aldatu zen 1366n, Don Tello kondeak, dekretuz, Gernika hiri bihurtu zuenean, Lumorengandik askatuz, eta lur sail handiak, eskubideak eta pribilegioak emanaz.

Lumok berehala egin zion aurre egoera berriari, eta mendeetan zehar etengabeko pleitoetan murgilduz bere lurrak eta eskubideak berreskuratu nahian. Giro honetan, bi herrien arteko liskarrak eta ikusiezinak biziak izatera iritsi ziren.

Baina XIX mendearen azkenerantz, arrazoi ekonomikoak bitarteko zirela, elizatea eta hiriaren arteko konponketa beharrezkoa ikusten hasi zen: dagoeneko argi zegoen industri berria ezartzen zen tokietan aberastasuna ikusten zela.

Ez zeuden, ordea, ez Lumo ez Gernika, bere etengabeko pleitoekin, industria erakartzeko tokirik aproposenak. Gernikak industria garatzeko legedi egoki bat bazuen ere industri hori non ezarri ez zuen; Lumok, alderantziz, terreno egokiak zituen ibarrean, baina ez zuen legedi egokirik.

Egoera honen aurrean Lumoko eta hiriko buruzagi talde batek batasuna bultzatu zuen, 1882ko urtarrilaren 8n burutu zelarik. Dekretu berriak honela zioen: "...la villa de Guernica y la anteiglesia de Luno formarán un solo municipio que se denominará Guernica y Luno. Rigiéndose por la legislación foral el territorio que hoy pertenece a Luno, y a la legislación común el que hasta ahora forma parte de la villa de Guernica".

Jardueraren datoak

08:45: udaletxearen enparantzan bilkura.

09:00: irteera, udaletxeko kanpaiekin batera.

Ibilbidea: udaletxeko enparantza – Azokekale – Lumoko Udaletxe Zaharra – Adolfo Urioste – Ocho de Enero – San Juan – Errenderiko zubia – Landaberde – Elorretalanda – Errigoiti – Bilikario – Arana – Lurgorri – Zallobieta – Lumoko San Pedro.

Amaiera: 12:30 aldera.