Albisteak

 

Euskalduntzeko guraso talde bereziak osatzeko prematrikula epea zabaldu zuen Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak urriaren 9ra arte. Hiru mila inguru fitxa banatu ziren irailean eskola guztietan, ikasleen bitartez etxeetara bideratuz.

Zabalkundearen ondorioz, 33 guraso arituko dira euskalduntzeko ikastaro berezi honetan Gernikako AEKren eskutik, euskara oinarritik ikasten hasteko; 3 talde osatu dira. Astean bi orduko bi saio eta guztira 120 ordu. Bi talde iluntzeetan arituko dira, bata, A1 mailakoa - hasiera maila-, eta bestea, A2.1 mailakoa; hirugarren taldea berriz, goizetan arituko da eta goizeko talde honen maila ere A2.1 izango da.

Guraso bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu, ikastaroaren %25, eta gainerakoa Gernika-Lumoko Udalak babesten du.

Urtetik urtera kopuruan gora-behera handirik ez da izan, 2012-2013 ikasturteko salbuespena izan ezik:

Ikastaroak
Ikasturtea 2009-2010 2010-2011 2011-2012 2012-2013 2013-2014 2014-2015
Guraso kopurua 35 22 42 66 40 31

Lehentasunezko jotzen diren giza taldeei euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko baliabideak eskaintzea da Gernika-Lumoko Plan Estrategikoaren xede nagusietako bat; 2003-2008 eta 2009-2013 epeetarako indarrean egon ziren Planetan (EBPN) eta 2014-2017 eperako onartu zen Euskara Sustatzeko Ekintza Planean ere. Honexekin lotuta dago gurasoen talde bereziei egiten zaien eskaintza hau.

Informazio gehiagorako: Euskara Zerbitzua (Tel.: 94-6270205) eta AEK euskaltegia (Tel.: 94-6253596).