Albisteak

 

Gernika-Lumon aspaldiko kontua da DBH mailako ikasle etorkinei euskara menperatzeko errefortzua eskaintzea. 2015-2016 ikasturtean ere zintzo ekingo zaio, urriaren 20an hasita.

Udalak, herriko irakaskuntza zentro guztiek eta euskaltegiek elkarlanean, 2005ean eman zioten hasiera lan honi, ikasle etorri berrien integrazioa landu asmoz eta DBHkoena bereziki, behin adin batekin ona etorri direnak laguntza gehiago behar dutelako; Lehen Hezkuntzan eta txikitatik eskolan integratu direnak, ostera, hizkuntzaz jabetzeko bide erosoagoa dute. Hori guztia, Udalaren babespean eta Gernikako AEK euskaltegiaren gidaritzapean.

2015-2016 ikasturterako DBHko 28 ikasle ditugu, urteroko kopuru beretsua, eta aurreko urteetako dinamikari jarraituko zaio: bi talde eratu dira, A1 hasiera maila eta B1 hobekuntza maila. Astean bi eguneko ikastaroa izango da, arratsaldez, egun bakoitzeko ordu eta erdiko ekitaldia; guztira 60 ordu. Hau guztia garatzeko, Gernikako AEK eta irakaskuntza zentroen arteko koordinaziorako protokoloa ere finkatuta dago.

Txalogarria zentro guztien ahalegina ikasle etorri berriak integratzeko eta pozgarria egiten den eskaintza honek ikasle etorri berriengandik eta euren gurasoengandik daukan erantzuna.