Noticias

 

Gernika-Lumoko Udalaren 3 sailek elkarlanean garatu dugun kanpaina da, abenduaren 21etik aurrera:

  • Euskara Saila
  • Merkataritza eta Toki garapena saila
  • Turismo Saila

Kanpaina honen helburua bikoitza da: batetik, erosketak herrian bertan egitea, are gehiago orain, gabonetako erosketa bereziak tarteko izaten den mugimendua kontuan hartuta, eta, bigarrena, erosketa-harremanak euskaraz garatzea.

Hori guztia lortzeko, oinarri sendoak ditugu Gernika-Lumon: hemengo saltokiek nortasuna, arreta, bizitasuna, konpromisoa, kalitatea, garapena, hurbiltasuna eta konfiantza eskaintzen digute. Eta gainera, hori guztia euskaraz burutzeko aukera ezin hobea, egindako diagnostikoetan islatzen delako udalerriko merkataritzan/ostalaritzan euskararen erabilera (hitzarmenkide diren 208 lokaletan %68,66) kaleko erabilera orokorra baino altuagoa dela (%50).

Udalak Gernika-Lumo herri bizia izaten jarraitzea nahi du, eta gure kaleak dinamikoak izateko ezinbestekoak dira saltoki eta enpresa txikiak, kanpoko zein bertoko produktuak saltzen dituzten auzoko negozioak. Gainera, euskaraz bizitzeko aukera areagotzea nahi dugu eta horretarako gakoa berriz ere saltokiak dira: dendak, enpresa txikiak, herriaren nortasuna gordetzen dutenak, hizkuntza gure nortasunaren osagai nagusietako bat delako.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 21ean eta 23an Gernika-Lumon 10 eurotik gorako erosketa egiteak saria izango du (poltsa berezia), eta erosketa horiek Hitzargune programan parte hartzen duten saltokietan eginez gero, sari bikoitza lor daiteke (poltsa eta imana).

Beraz, animatu nahi ditugu herritarrak gabonetako erosketak herrian bertan egitera eta euskaraz bizitzera, gure nortasuna sendotzeko bideari eustea izango delako saririk handiena.