| GIZATERIAREN
HASIERAN.
HISTORIAURREtik
Gernikako ibarrak era guztietako aukerak eskaini
dizkio gizakiari.
Gizakiak haranean utzitako santutegi nagusia SANTIMAMIÑE
kobazuloa da (Kortezubi); bertan, Historiaurrean,
Madeleinetik bizi izan da jendea (15.000 k.a.).
Santimamiñe santutegi nagusia da, bertan
aurkituriko labar-pinturei esker; pintura horien
kalitatea eta aberastasuna Altamiran (erlaitz kantauriarrean)
aurkiturikoen antzekoa da.
Horrela, badakigu Gernikako ibarrean baso handiak
izan zirela, eta horietan oreinak, basurdeak eta
beste animalia batzuk bizi zirela, Santimamiñeko
bizitza ekonomikoaren oinarria osatzen zuten animaliak.
Glaziazioen garaiaren ostean (k.a.ko 9.000), Paleolitoan
sorturiko bizitza berria eratzen hasi zen: MASKORBILTZAILEEN
KULTURA. Horien elikadura, berriz, itsasadarrak
eskainitako itsaskietan oinarritzen zen..
Klima epelagoa zela eta mendi garaietako izotzak urtu ziren eta
klima hotzeko hainbat animalia beste herrialde batzuetara joan ziren.
Elikatu beharrak bultzatuta itsasadarrak eskaintzen zituen itsaskiak
jasotzeri ekin zieten.
NEOLITOAN, k.a.ko 5.000. urtean, Santimamiñeko
biztanleek ez zuten kobazuloa utzi, klima leunagoa
bazen ere. Segurutik, garai horretarako, euskara
eratzen hasi zen, orduko gizakien loturako eta komunikazioko
tresnatzat.
BURDINAREN KULTURA INDOEUROPARRAK izandako
eragina, beste alde batetik, lehenengo milurtekoaren
hasierako mendeetan nabaritu zen, k.a.ko II. mendearen
inguruan. Leku estrategikoetan ezarri eta tontor
jakinak aukeratzen zituzten; horietatik, komunikazio
bide nagusiak kontrolatzen zituzten, baita ibai
nagusien bideak ere. Kultura horretako aztarnak
ondoko herrisketan aurkituko ditugu: Marueleza (Nabarniz),
Kosnoaga (Gernika) nahiz Iluntzar (Nabarniz) eta
Gaztiburuko Santutegia (Arratzu).
Erromatarren garaiari dagokionez, Gernikako itsasadarra
da, Bizkaiko lurraldearen barruan, aztarnarik gehien
dituena: Morgako hilarria (IV. mendea), Foruko Haitzaren
gauzak, Portuondoko ezarkuntza eta kostaldeko beste
batzuk. Horiek berezko aldapetan daude, itsasadarraren
ezkerreko hegalean, kabotajeko itsas-trafikoari
lotuta, baita eremu horretako natur baliabideen
ustiapenari lotuta ere (burdinaren eta marmolaren
meatzeak).
GERNIKAREN
SORRERA ETA BILAKAERA.
Inguru horretan, Don Tello kondeak Gernikako hiribildua
sortu zuen 1366ko apirilaren 28an. Jatorrian, hiribuldua,
batetik, Bermeotik Durangorako bideek, eta bestetik,
Bilbotik Elantxoberako nahiz Lekeitiorako bideek
osaturiko bidegurutzean kokatuta zegoen. Horrenbestez,
leku estrategikoan kokaturik zegoen; kokaleku horretatik,
gainera, bide horiek ez ezik, berezko bide bat ere
igarotzen zen, itsasadarra alegia; bertara, itsasuntziak
Susoko Portua deritzonaren etxeraino iristen ziren.
Sorrera horretan, hortaz, merkataritzari loturiko
arrazoi batzuk ere egon ziren.
Gerora, Gernikak euskal hiribilduaren ohiko hirigintza-tipologia
hartu zuen; zenbait kale paralelok osatzen zuten:
Goienkalek, Azokekalek, Artekalek eta Barrenkalek.
Baita zeharkako kale batek ere, Santa Mariak;
halaber, hiriko barrutiaren muturretan kokaturiko
elizak ere baziren.
Gernikako bizitzan (udal-arautegi zorrotza, nagusiak
ziren burges txikien pribilegioak zaintzeko) ez
zen aldaketa handirik izan, XVI. eta XVII. mendeetan.
XVIII. mendean plaza bat zegoen hirigunean, eta
bertan Udaletxea; espetxe publikoa zuen, Jaurerri
osoko gaizkileak zigortzeko, baita Ospitale bat
eta Erruki-etxea ere, bertako pobreak hartzeko.
Gernikarraren eguneroko jarduerak nekazaritza (laborea,
barazkiak eta frutarbolak), artisautza (errementariak,
jostunak, zapatariak, linuaren fabrikazioa...) eta
merkataritza (merkantzien garraioa eta salmenta) ziren.
Mende horiek izandako beste ezaugarri bat, bestalde,
ondoko herriarekin izandako gatazka izan zen, Lumoko
elizatearekin izandakoa alegia; gatazka hori jurisdikzio
mailako arazoek eragin zuten, eta horiek ez ziren
1882ra arte konpondu, herri biak bildu eta Gernika-Lumo
sortu zutenera arte.
Industriak XX. mendean iritsi ziren. Biztanleriak
etengabeko gorakada izan zuen; 4.500 biztanletatik
6.000tara iritsi zen, 1936an.
Gernikako muino txiki batean
Juntetxea
eta Arbola daude. Euskaldunen arteko ohitura zaharra
arbola baten azpian biltzea zen, batez ere haritz
baten azpian, komunitate osoko interesak erabakitzeko
(ohitura hori nahiko arrunta zen Erdi Aroko Europan).
Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak
(Merindadea) bere arbola zuen. Mendeen joanean,
Gernikako arbola nagusitu zen, eta hori Lumoko elizatean
zegoen; bertan, Gernikazarra izeneko ingurua zegoen,
harizti eta baseliza batekin. Arbola horren azpian,
Bizkaiko legeak idatzi ziren 1876ra arte; herri
guztiek ordezkariak (batzarkideak) bidaltzen zituzten
bilkuretara (Batzar Nagusiak). Demokrazia mota edota
askatasuna errespetatzeko modu hori Rousseau filosofoak
iruzkindu zuen, baita William Wordsworth olerkariak,
Tirso de Molina dramaturgoak eta Iparragirre koblakariak
ere (GERNIKAKO ARBOLA ospetsua).
Bizkaiko
Jaurerria Gaztelako erreinuan sartu ondoren, errege
gaztelarrak Gernikara joateko ohitura sartu zen,
Bizkaiko Foruak errespetatzeko juramentua, Arbolaren
azpian egitearren. Francisco de Mendietak jaso egin
zuen, "El besamanos" izeneko koadro batean,
Fernando Katoliko erregeak 1476ko uztailaren 30ean
egindako Foruen juramentua. Borboiko Karlos erregegaia,
karlistadetan, Gernikara joan zen 1875ko uztailaren
3an, Foruen juramentua egitera. XIX. mendean zehar,
Juntetxean bilera asko egin ziren, bai Batzarretarako
eta bai egintza politikoetarako.
GERNIKA,
BAKEAREN SINBOLOA
Gerra Zibilean, Kondor legioko hegazkinek erabat
suntsitu zuten Gernika, 1937ko apirilaren 26an;
hegazkin horiek Hitlerrek bidali zituen, Francoren
armadari laguntzeko. Lau ordutan, Alemaniako hegazkinek
erraustu egin zuten herri osoa. Esperimentuzko egintza
horren bitartez, hasiera eman zitzaien ondorengo
gerretan hain ugariak izango ziren sarraskiei.
1966an Gernikaren Sorreraren VI. Mendeurrena ospatu
zen. Ospakizun horren oroigarria dugu Foru Plazan
dagoen D. Telloren monumentua (Agustín Herranz
arkitekto gernikarraren lana).
1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena ospatu zen,
Hiri Martirien Munduko Elkartearen Aurrebiltzarrarekin
batera. Biltzar hori gero Madrilen egin zen, eta
bertara mundu osoko ordezkariak bildu ziren. Harrezkero,
Gernika-Lumo Elkarte horren barruan dago. Hurrengo
urtean, 1988an, E. Chillidaren "Gure Aitaren
Etxea" monumentua inauguratu zen; eta 1990ean,
horren ondoan Henry Moore eskultore ingelesaren
"Large Figure in a Shelter" lana jarri
zen. Bi monumentu horiek Gernika-Lumo Bakearen Hiria
dela adierazten dute.
"Gernika, bakearen sinboloa" izeneko
ikurra oinarri buruturiko jardueren ondorioz, zenbait
hirirekiko senidetzeak egin dira, eta lankidetzarako
konpromezuak hartu dira kulturan, hezkuntzan eta
industrian: Berga
(Cataluña-1986), Pforzheim (Alemania-1988)
y Boise (Idaho - EEUU 1993).
Gaur egun, Gernika-Lumo (15.568 biztanleko hiria)
herri aberatsa da zerbitzuetan, industrian, kulturan
eta hezkuntzan, eta etorkizunerako zutabe sendoak
ipintzeari ekiten dio.
|